San Roke auzoko postontzi bakoitzak ‘Aupa Real’ zioen eguna

80ko hamarkada amaitzear zela, Realak agur esan zion bere garairik oparoenari. Talde txuri-urdina ez zen une gozoak bizitzen ari, eta lurralde osoa adore handiegirik gabe jarraitzen ari zen bolada txarra hura.

Egiari zor, oso-osoa ez. Goiz batez, Donostiako San Roke auzoko bizilagun bakoitzak, etxera iritsi eta postontzia zabaltzean, irribarreaz gain, papertxo bana topatu zuen. “Aupa Real” zioen animo mezu bana, hain zuzen.

Auzoko gaztetxoen kuadrillari otu zitzaion Realak munduko indar guztia behar zuela egoera hari buelta emateko. Eta beraientzat, une hartan, San Roke auzoan amaitzen ziren munduko muga guztiak. Bada, beren koadernoetako orriak kendu eta, adorez, indarrez eta konfidantzaz betetako mezuak idatzi zituzten bertan. Bizikletak hartu eta han-hemenka ibili ziren, indar hori auzoko etxe guztietan zehar barreiatzen.

Izan ere, beti izan den bezala, realzaleengandik datorkio Realari indar nagusia. Baita gazteenengandik ere.

[Beti, beti, Maite liburuan Beñat Sanzek idatzitako kapituluan oinarritutako testua]