Realeko neskak: hamarkada bat onenen artean

Eredugarria den Realeko beste talde bat daukagu lehen mailan.

Realeko nesken taldea 2004. urtean sortu zen. Erregional mailan jokatzen hasi zen, eta bere lehen norgehiagoka ofiziala Amara Berriren aurka jokatu zuen, Martutenen. 11-0 irabazi zuten txuri-urdinek. Hauxe izan zen donostiarren lehen hamaikakoa: Olatz Yerequi, Ainhoa Mateos, Evelyn Santos, Nahikari Etxaniz, Anne Mugarza, Ohiana Galdona, Itxaso Garcia, Laura Gomez, Gurutze del Ama, Aintzane Encinas eta Naiara Elgorriaga.

Hiru urtetan bi igoera lortu eta gero, Realak lekua egin zuen onenen artean. Hamar urte pasa dira lehen mailan, Superligan, debuta egin zuenetik, Atletico Madrilen aurkako lehen neurketa hartatik. Etenik gabeko lanak markatutako hamarkada bat. Eta lan horrek eman ditu fruituak, pasa den denboraldian orain arteko emaitzarik onena lortu baitzuen talde txuri-urdinak: bosgarren postua.

Emaitza dena dela ere, eredugarria da beren eguneroko lana. Eta hori dela eta, onena iristear da.