Gol batek, gol bakar batek, talde baten etorkizuna alda dezake, bere norabidea zuzendu, txapeldun egin. Eta gol batek, gol horrek berak, arratsalde lasai bateko gidoia alda dezake.
Duela 50 urte, 1967. urteko apirilaren 23an, Andoni Elizondok gidatutako Realak hitzordu garrantzitsua zuen Puertollanon: lehen mailarako igoera zuen jokoan. Calvo Soteloren aurka berdintzea baino ez zuen behar igotzea lortzeko.
Une berean, Donostian, neurketa amaitu bitarte munduaz isolatu nahi izan zuenik ere bazen. Miramar Zinema zaharra realzale askoren urduritasunak lasaitzeko leku ezinhobe bilakatu zen oharkabean.
Txuri-urdinak 2-0 galtzen zihoazen, eta lanaren lanaz berdintzea lortu zuten. Boronat eta egun hartan debuta egin zuen Aranbarrik lortu zituzten golak. 2-2 eta lehen mailara. Lorpen hura mugarria izan zen, urrezko aro baten hasiera. Beste kapitulu bat txuri-urdinen pelikularen gidoian.
Miramar antzokian ere izan zuten Realaren lorpenaren berri. Bazirudien ikusleak lasaitasun osoz pelikulaz gozatzen ari zirela, norbaitek proiektorean papertxo bat sartu zuen arte: Calvo Sotelo 2 – Reala 2. Festa itzela izan zen aretoa eta jende ugari kanpora joan zen korrika igoera ospatzera. Amaiera zoriontsuko filma.
Izan ere, leku guztiak dira Realaren lorpen bat ospatzeko. Realarekiko pasioa uneoro eta edonon bizitzen delako, baita lekurik isolatuenean ere.
Argazkia: CC BY-NC-ND-30-ES 2013 / Kutxateka / Fondo Marín / Paco Marí