Alberto Ormaetxea itzal luzeko gizona da Realzaleen artean. Izateko eta lan egiteko modu bat finkatu zuen entrenatzaile bat. Etxekoa.
Umila, langilea eta apala. Halakoxea zen Alberto Ormaetxea, Realaren historian izan den pertsonaiarik garrantzitsuenetako bat. Batik bat, entrenatzaile izan zen denboran nabarmendu zen bere izena, realzaleek sinetsi ere egiten ez zituzten helburuak lortu baitzituen.
Jokalari ibilbidea 60ko hamarkadan hasi zuen. Bi urtez Sanserekin jokatu ostean, 1962an sartu zen lehen taldean, Reala Bigarren Mailara jaistearekin batera. 11 denboraldiz jokatu zuen elastiko txuri-urdinarekin, bizkarrean 3 zenbakia zeramala. Guztira 280 neurketa. 2 gol egin zituen denbora horretan. Puertollanon igoera lortu zuen taldeko parte ere bazen Ormaetxea, nahiz eta ezin izan zuen partida hura jokatu, lesio baten ondorioz. Mendilucerekin ikusi zuen lehia harmailetatik.
Erretiroa hartu ostean, Iriondo, Elizondo eta Irulegiren alboan entrenatzaile izaten ikasi zuen. 1978-79 denboraldian hartu zuen lehen taldearen gidaritza, Marco Antonio Boronat laguntzaile gisa zuela. Realeko entrenatzaile izan zen denboran 324 neurketatik ia erdia irabazi zituen. Hain zuzen ere, 157. Zazpi urtez eseri zen aulkian, 84-85 denboraldira arte.
Realaren historiako garairik oparoena izan zen Ormaetxearena: garaiezintasunaren marka, bigarren postu bat, bi liga jarraian, Superkopa bat, Europako Kopako finalaurrekoak…
Ormaetxeak zihoen ez zela oroitzapenetatik bizi. Baina bere itzala luzea da. Realzaleok beti oroituko dugu.