Txapeldunen Ligako finaletik urrats bakarrera

1983ko apirilean Realak goia jotzetik gertu izan zen. Europako Kopako, egun Txapeldunen Ligako, finalerdietan Hanburgoren aurka jokatu zuen. Ez genuen amestu ere egiten horrekin.

Erraz esaten da. Baina soinurik egin gabe eta lanaren lanaz talde gipuzkoarra Europako lau onenen artean sailkatu zen. Txuri-urdinek, aurrez, Vikingur, Celtic eta Lisboako Sporting izan zituzten aurkari eta guztiak menderatu zituzten.

Azken urratsa, ordea, ez zen samurra izan. Juventus, Widzew edo Hanburgo zituen zain, guztiak beren herrialdeko ligako txapeldun izandakoak. Zozketan, baina, une horretako talderik gogorrenetako bat egokitu zitzaion Realari, gerora txapeldun izan zen Hanburgo.

Ernst Happel zen talde alemaniarraren prestatzailea, eta puntako jokalariak zituen bere esanetara, ‘Manni’ Kaltz, Félix Magath edo Kevin Keegan kasu. Baina ez zuten txuri-urdinen izaeraren berri, ezta irabazteko gosearen berri ere. Eta jakin zuten.

Joanekoan, ezin izan zuten Atotxarekin. Neurketa banakoarekin amaitu zen. Rolff-ek aurretik ipini zituen aurkariak, eta Gajatek partida berdindu zuen neurketa amaitzeko minutu gutxi falta zirela.

Lesioen ondorioz, Ormaetxeak arazo ugari izan zituen itzulerako norgehiagokarako hamaikakoa osatzeko. Sanseko jokalari ugarirekin bidaitu zuten Alemaniara. Baina Reala ez zen kikildu, eta sorpresa emateko zorian izan zen. Jakobsek 1-0ekoa ipini zuen markagailuan, baina Diegok banakoa ezarri zuen sekulako gola sartuta. Zazpi minuturen faltan iritsi zen zorigaiztoko jokaldia. Hessenek 2-1ekoa jarri zuen, jokoz kanpo zegoela. Hain justu alemaniarra zen marrazainak ez zuen ikusi nahi izan.

 

Azkenean, Realak ez zuen Txapeldunen Ligako finalera sailkatzerik izan. Baina garaipenetan umilak izan ginen bezala, porrotaren ostean gureez harro izan ginen.