Reala, 15 aldiz Gipuzkoa ordezkatzen Europan barrena

Reala Europara bueltan da. Bere historian zehar, talde txuri-urdinak 15 aldiz parte hartu du Europako txapelketaren batean. 15 aldiz, gure lurralde txikia are handiago egiten.
  1. Lehen aldia

Europak 1974. urtean ezagutu zuen Reala. Donostiarrek Banik Ostravaren aurka jokatu zuten lehen aldiz, Atotxan. 0-1 amaitu zen neurketa. Txekiarrek esperientzia gehiago zuten, eta hori baliatu zuten garaipena lortzeko. Gogorragoa izan zen itzulerako emaitza: 4-0.

  1. Lehen ospakizunak

Hurrengo denboraldian Realak Europan jokatu zuen berriro. Orduan bai, Grasshoppers-en aurkako kanporaketa gainditzea lortu zuen. Satrustegik Realaren lehen gola sartu zuen Europan, 3-3 amaitu zen neurketa batean. Bigarren gola ere harena izan zen, eta hirugarrena, Elkororena. Itzuleran, berriz, banakoarekin amaitu zen partida, Urreistiren gol batekin. Hurrengo kanporaketan, Liverpoolen aurka neurtu zituen indarrak. Bitxikeria bi izan zituen partida hark: Arconadaren debuta Realarekin, eta John Benjamin Toshacken lehen aldia Atotxan. Ingelesen nagusitasuna oso nabaria izan zen, eta 1-3 irabazi zuten. Itzuleran, porrot mingarria jaso zuten txuri-urdinek.

  1. Kanporaketa gogoangarria

Alberto Ormaetxea aulkian zela, Reala 79-80 denboraldian itzuli zen Europara. Talde historiko bat izan zuen aurkari: Milango Inter. Joanekoa Italian jokatu zen, eta gipuzkoarrek 3-0 galdu zuten. Zale nerazzurriek, gainera, realzaleak umiliatu zituzten. Itzulerakoan, ordea, Atotxan izugarri sufritu zuen Interrek. Satrusek bi gol egin zituen eta Realak gutxigatik ez zuen kanporaketa irauli, indar erakustaldia eman eta gero.

  1. UEFAko final zortzirenetara

Hurrengo denboraldian, UEFA jokatzeko sailkatu zen beste behin. Lehenengo Ujpesti Dosza hungariarraren aurka jokatu behar izan zuen. Borrokatutako banako berdinketa lortu zuten joanekoan, Alonsoren gol bati esker. Itzulerakoan, Satrusek 88. minutuan lortu zuen garaipenaren gola. Bigarren kanporaketan, Zrojovka Brno izan zuten aurkari. Joaneko emaitza aurreko bera izan zen: 1-1, Eliseo Murilloren gol batekin. Atotxan, donostiarrek 2-1 irabazi zuten Satrusen bi golei esker. Final zortzirenetan, Lokerenen aurka jokatu behar izan zen. Belgiarrek joanekoa irabazi zuten, eta Atotxan Realak ezin izan zuen gailendu. 2-2ko emaitza izan zen. Lopez Ufarte eta Zamora izan ziren golegileak.

  1. Lehen aldiz Europako Kopan

Gijonen Liga irabazi ostean, Realak lehen aldiz Europako Kopa jokatzeko txartela lortu zuen. CSKA Sofiaren aurka estreinatu behar izan zuen. Joanekoan, 89. Minutuan lortu zuten bulgariarrek garaipenaren gola. Atotxa jendez bete zen itzulera ikusteko, baina Ormaetxearen mutilek ezin izan zuten golik sartu. Gainera, Jose Mari Bakerok lesio larria izan zuen neurketa hartan.

  1. Ia goia joz

1983. urtean Realak historia egin zuen, Europako Kopako final aurrekora iritsita. Lehen kanporaketa Vikingurren aurka jokatu zuen. Bitik bi garaipen: 0-1 eta 3-2. Hurrengo aurkaria Glasgowko Celtic izan zen. Atotxan 2-0 irabazi zuten, Uralde eta Satrustegiren golekin. Uralderen beste gol batek hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela eman zion Realari, nahiz eta Eskozian 2-1 galdu zuen. Ondoren, Lisboako Sporting izan zuen aurkari. Joanekoan 1-0 galdu ondoren, Atotxa jendez bete zen bigarren neurketarako. 2-0 irabazi zuten donostiarrek, Larrañaga eta Bakeroren golei esker.

Pauso bakarra falta zen finalera iristeko. Hain zuzen, finalaurrekoetan Hanburgoren aurka jokatu behar izan zuten. Txapelketa irabazteko faborito nagusienetako bat zen talde alemaniarra. Atotxan jokatu zen joanekoa, eta 1-1 amaitu zen. Txuri-urdinen gola Gajatek egin zuen. Itzuleran, galtzen hasi arren, Diegok markagailua berdintzea lortu zuen. Irabazteko esperantza zuten Realeko jokalariek, baina alemaniarrek gola egitea lortu zuten, jokoz kanpo argia bazen ere. Ametsa hortxe amaitu zen.

7. Recopan, behin

Reala 87-88 denboraldian itzuli zen Europara. Recopa jokatu zuen, hain zuzen. Lehen kanporaketan Slask Wroclaw taldearen aurka jokatu zuen. Joanekoa hutsean amaitu eta gero, itzuleran erabaki zen kanporaketa. 0-2 gailendu ziren gipuzkoarrak, Loren eta Begiristainen golei esker. Hurrengo aurkaria Dinamo Minsk izan zen. Joanekoa 1-1 amaitu zen Gajateren gol batekin, baina itzulerakoan ez zen golik izan eta Reala txapelketatik at geratu zen.

8. Penaltiengatik izan ez balitz…

88-89 denboraldian, Reala final laurdenetara iritsi zen UEFAn. Pragako Dukla izan zen lehen aurkaria. Atotxan 2-1 irabazi zioten, Loinazen bi golekin. Itzuleran, 3-0 galtzen hasi baziren ere, Lorenek eta Loinazek 3-2koa ipini zuten, Reala hurrengo fasera sailkatzeko. Hurrengo kanporaketan Sporting de Lisboa zuen zain Realak. Toshacken taldeak 1-2 irabazi zuen Portugalen, Iturrino eta Loren golegile lanetan ibilita. Atotxako neurketa hutsean amaitu zen.

Final zortzirenetan Colonia izan zuen aurkari talde txuri-urdinak. Loinazek eman zion garaipena joanekoan, eta itzuleran Realak berriz irauli behar izan zuen markagailua. 2-0 galtzen hasi arren, Goikoetxeak eta Fuentesek markagailua berdintzea lortu zuten. Final laurdenetan Sttutgarten aurka jokatu zuen Realak. Bi neurketak 1-0 amaitu ziren etxeko taldeentzat, beraz, penaltietan erabaki behar izan zen kanporaketa. Alemaniarrak hobeak izan ziren 11 metroko puntutik.

9. Eta berriro ere penaltietan

Bi urte beranduago, Realak txapelketa bera jokatu zuen. Lehen fasean Lausanneren aurka neurtu zituen indarrak. Joaneko neurketa Suitzan jokatu zen, baita ongi hasi ere. Lumbreras eta Gajatek aurretik jarri zituzten donostiarrak, baina suitzarrek aurretik jartzea lortu zuten. Beste behin, Atotxan erabaki zen guztia. Aldridgek garaipenaren gola lortu zuen. Hurrengo kanporaketan Partizan izan zuen aurkari Realak. Lehen neurketa Donostian jokatu zen, eta Larrañagak lortu zuen partidako gol bakarra 91. minutuan. Yugoslavian, berriz, emaitza berarekin amaitu zen, eta berriro ere penaltietan erabaki zen garailea. Etxeko taldeak gehiago asmatu zuen penalti puntutik eta haiek egin zuten aurrera.

10. Atotxaren azkena

Atotxak 92-93. denboraldian bizi izan zuen Europako azken gaua. Gozotik baino, gazitik izan zuen gehiago. Izan ere, Realak Victoria Guimaraesen aurka jokatu zuen lehen fasean, eta joanekoan txuri-urdinek beren neurketarik txarrena jokatu zuten. Portugaldarrek erraz irabazi zuten: 3-0. Atotxan kanporaketa gainditzeko helburuarekin irten ziren Toshacken mutilak, eta lortzear izan ziren. Lumbreras eta Fuentesek 2-0ekoa ipini zuten lehen ordu erdian, baina ez zen gol gehiagorik izan. Porrot kutsuko garaipena izan zen Atotxak Europari agur esan zion gauean.

11. Futbola, gutxienekoa

Krauss alemaniarra aulkian zela, eta hirugarren sailkatu ondoren, Reala UEFAra itzuli zen 97-98 denboraldian. Parte-hartzea, ordea, Aitor Zabaletaren erailketak estali zuen. Atletico de Madrid taldeko ultra batek labankadaz hil zuen Vicente Calderón estadioaren atarian, bi taldeen aurkako neurketa hasi baino lehen.

Kirol arloari dagokionez, lehen fasean Realak Sparta Praga hartu zuen mendean. Kovacevic (2), Aldeondo eta De Pedroren golei esker, 2-4 gailendu ziren Txekian. Ondorengoa, Anoetan jokatu zen Europako lehen partida izan zen. Kovacevic izan zen partidako goleatzaile bakarra.

Bigarren kanporaketako aurkaria Moscuko Dinamo izan zen. Errusian jokatutako partidan, 0-3 aurreratu arren, sufrituta irabazi zuen Realak, etxeko taldeak gerturatzea lortu baitzuen (2-3). Kovacevic (2) eta Javi de Pedro izan ziren golegileak. Anoetan, berriro ere hiru gol egin zituzten txuri-urdinek. Kovacevicek beste bi gol sartu zituen, eta hirugarrena, berriz, De Paularena izan zen. Realak Europan lau garaipen jarraian lortzen zituen lehen aldia zen. Final zortzirenetan, Atlético de Madriden aurka jokatu behar izan zuen. Anoetan 2-1 irabazi zuten euskaldunek. Itzulerako neurketa, berriz, 1998ko zorigaiztoko abenduaren 8 hartan jokatu zen. Realak luzapenean galdu zuen (4-1), emaitza gutxienekoa izan zen gau hartan.

12. Txapeldunen Ligara!

2002-2003. denboraldian bigarren postua lortzearekin batera, Realak Txapeldunen Liga jokatzeko txartela eskuratu zuen. Taldekako faseko aurkariak Juventus, Olympiacos eta Galatasaray izan ziren. Lehenengo neurketa Anoetan jokatu zen, eta Kovacevicen gol bati esker, Realak Olympiacos mendean hartu zuen. Denoueixenek bigarren garaipen bat lortu zuten Turkian, 1-2, Kovacevic eta Xabi Alonsoren golei esker. Ondoren, Juventusek garaipen erraza lortu zuen: 4-2. Bigarren itzulian, berriz, Realak hiru berdinketa erdietsi zituen, eta sufritu egin behar izan zen aurrera egiteko. Juventusen aurka hutsean berdindu zuen Anoetan; Greziako infernuan meritu handiko binakoa lortu zuen, Gabilondo eta Shürrerren golekin; eta azkenean, turkiarren aurka 1-1 egin zuen Anoetan, De Paularen gol batekin.

Final zortzirenetan aurkari gogorra izan zuen parez pare: Lyongo Olympique. Joanekoa Anoetan jokatu zen, eta frantsesek 0-1 irabazi zuten. Reala garaipena lortzeko itxaropenez abiatu zen, eta lortzear izan zen, baina ez zuten golik lortu. Juninhok bai, ordea. Azken minutuetan izan zuten aukera bat baliatu zuen 1-0ekoa ipini eta kanporaketa erabakitzeko.

13. Eta hamarkada bat beranduago… berriro!

Denboraldi ikusgarri baten ondoren, Reala berriro sailkatu zen Txapeldunen Ligako sailkapen fasea jokatzeko. Jagoba Arrasate aulkian zela, txuri-urdinek beren aurreko borreroa hartu zuten mendean: Lyongo Olympique. Emaitza bera izan zen bi neurketetan: 2-o Realaren alde. Joanekoan Griezmann eta Seferovic izan ziren golegileak, eta Anoetan Velak sartu zituen bi golak. Taldekako fasean, berriz, Manchester United, Bayern Leverkusen eta Shaktar Donetsk egokitu zitzaizkion Realari.

Ukrainarrak izan ziren lehen aurkariak, Anoetan, eta 0-2 irabazi zuten. Ondoren, Leverkusenen txanda izan zen. Partida ona jokatu eta garaipena merezi arren, 92. minutuan etxeko taldeak gola lortu eta 2-1 irabaztea lortu zuen. Ligaxkako lehen txanda amaitzeko Realak Old Trafforden jokatu zuen, 6.000 zale txuri-urdin bilduz. Ongi jokatu arren, hemen ere ez zuen emaitza onik lortu: 1-0 galdu zuen lehen minutuan jasotako gol baten ondorioz. Aste batzuk beranduago David Moyesek hartu zuen taldearen gidaritza. Bera buru zuela, Realak hutsean berdindu zuen Manchesterren aurka Anoetan. Azken-aurreko jardunaldian, jipoia jaso zuten: 4-0 Ukrainian. Europan jarraitzeko aukerarik gabe, agurra ere ez zen batere gozoa izan, 0-1 galdu baitzuen Anoetan.

14. Sailkapen fasean kanpora

Hurrengo urtean, Ligan zazpigarren postuan amaitu ondoren, sailkapen fasea jokatu behar izan zuen Realak, Europa Leagueko taldekako fasera sailkatu ahal izateko. Lehenengo kanporaketan Aberdeenen aurka aritu behar izan zuen. Anoetan 2-0 irabazi zuen Zurutuza eta Canalesen golei esker. Eskozian ere 2-3 irabazi zuen, Xabi Prieto (2) eta Markel Bergararen golekin. Krasnodar talde errusiarraren aurka jokatu zuen bigarren kanporaketa, eta aurretik jarri ziren Xabi Prietoren gol bakarrarekin Anoetan 1-0 irabaztea lortu eta gero. Itzuleran, ordea, partida txarra jokatu eta azken unean 3-0eko porrot mingarria jasan zuen Realak.

15. Idazteke dagoen etorkizuna…