Benito Diaz, Realeko entrenatzaile berritzailea

Bada zenbait jende, jakin beharreko zerbait egin zuena, eta ez dakiguna. Benito Diaz da horietako pertsona bat.

Reala talde amateurra izan zen 20ko hamarkadaren amaierara arte. Eraldaketa handia bizi izan zuen, handienen artean tartea egin aurretik. Modernoagoa eta profesionalagoa bihurtu zen. Eta eraldaketa horren arduradun nagusia Benito Diaz izan zen.

Donostiarra jaiotzez, Benito Diaz 17 urterekin iritsi zen Realera, hiriko hainbat taldetan aritu eta gero. 10 urtez jantzi zuen elastiko txuri-urdina. Orotara 32 neurketa jokatu zituen, eta 9 gol egin zituen horietan. 1926. urtean, oraindik jokalari zela, lehen taldeko entrenatzaile izendatu zuten. Ordura arte prestatzaile izan zen Lippo Hertzkak gomendatu zuen Benito izatea bere ordezkoa. 1930. urtera arte jardun zuen postu horretan, eta denbora horretan, Reala Kopako final batera eraman zuen. Hain zuzen, Bartzelonaren aurka hiru aldiz jokatu behar izan zuten finala.

Reala utzi eta enpresagintzari ekin zion. Baina Gerra Zibila hastearekin batera, herbesteratu egin behar izan zuen. Frantziara jo zuen, eta entrenatzaile izateari berrekin zion. Bordeleko Girondinseko entrenatzaile izan zen, eta Frantziako Amateur mailako txapeldun izendatu zuen 1937. urtean.

Benito Diaz 1942. urtean itzuli zen Realera entrenatzaile gisa, eta 1951. urtera arte eseri zen txuri-urdinen aulkitxoan. Igoera batekin ekin zion bere bigarren ibilbideari, eta beranduago, Kopako beste final bat jokatzeko sailkatu zuen Reala. Hura ere, Bartzelonaren aurka.

Ez zuen, ordea, txapelketarik irabaztea lortu. Baina bere handitasuna garaipenetatik haratago doa. Izan ere, Benito Diaz Reala gehien zuzendu duen entrenatzailea da. 13 denboraldiz aritu zen, eta aulkitxoan izan zen 389 neurketetatik 192 irabazi zituen. Horrez gain, futbola eraldatu zuen, talde batasunean oinarritzen zen WM sistema famatuarekin. Futbolak izan zuen lehen ikastunetako bat izan zen.

Donostian futbola ikusteko modua aldatzeaz gain, estatu mailan ere erreferente izan zen. Espainiako hautatzaile edota Entrenatzaile Eskolako zuzendari izan zen, besteak beste.

Tio Benito, Reala handi egiten hasi zen gizon txikia.