Reala Errege Kopako txapeldun izan zen 1986-1987 denboraldian. Atleticoren aurka neurtu zituen indarrak finalean, eta bina berdindu ostean, penaltietan irabazi zuen. Sufrimendua bikoitza izan zen, gainera. Alde batetik, beroagatik. Eta bestetik, amaierara arte itxaron behar izan zelako kopa altxatzeko.
1987ko ekainaren 27an Realak bere laugarren Kopako finala jokatu zuen, Zaragozan. Aurrez, hiru aldiz txapeldunorde izana zen talde txuri-urdina, hirutan Bartzelonaren aurka galdu eta gero (1913, 1928 eta 1951). John Benjamin Toshacken esanetara, Reala final batera itzuli zen, txapeldun izateko helburuarekin.
Txuri-urdinek Baskonia, Montijo, Vila-Real, Eibar, Mallorca eta Athletic kanporatu zituzten, hurrenez hurren. Finalaren atarian, gainera, San Mamesen 0-1 irabazi zuen, Bakeroren gol bati esker. Finaleko aurkaria Atletico izan zen. Abel, Rubio, Setién, Da Silva edo Landaburu bezalako jokalariak zituen talde madrildarrak. Bero izugarria egin zuen egun hartan Zaragozan, baina realzaleek ez zuten hutsik egin. Zaragozako kaleak eta La Romareda futbol zelaiko harmailak milaka gipuzkoarrez bete ziren.
Reala bi aldiz izan zen aurretik markagailuan, baina madrildarrek berdintzea lortu zuten, luzapena jokatzera behartuz. Lopez Ufartek aurretik ipini zituen donostiarrak 9. minuturako. Da Silvak banakoa lortu zuen 24.ean. Hamar minutu besterik pasa ez zirenean, ‘Txiki’ Begiristainek 1-2koa egin zuen. Bigarren zatian, neurketa amaitzeko ordu laurden eskas falta zela, Rubiok markagailua berdindu zuen. Luzapenean ez zen golik izan, beraz, penaltietan erabaki zen txapelduna.
Bakero, ‘Musti’ Mujika, Martin Begiristain eta Larrañagak ez zuten hutsik egin. Ez zen bostgarren jaurtiketarik behar izan. Madrildarrek, berriz, lehen hiru jaurtiketetatik bat huts egin zuten, eta Arconadak laugarrena geratu zuen.
Lehen aldiz, Reala Kopako txapeldun zen.